Baliteke zuretzat ikasturte hasierako denbora izatea, edo taldeentzat, kirol-denboraldirako, jarduera berrietarako,…. Kalitatezko ongietorriak eta harrerak egiteko denbora ematea funtsezkoa da haurrak, nerabeak ( bai eta pertsona helduak ere) gurea leku seguru gisa sentitzen has daitezen. Eta, hortik, haien egoera emozionala, errendimendua, ikaskuntza, bizikidetza… onuragarriak izan daitezke. Hasiera on batek bide on bat markatzen du!
Segurtasuna emango duen harrera bat egiteko, kontuan hartu beharreko elementu batzuk identifikatu dira, laguntza-eremuaren, adinaren, ezaugarrien, eta abarren arabera egokitu daitezkeenak. Hona hemen horietako batzuk:
HASIERAKOA
- Gure espazioa eta jarduera haur eta nerabeentzako (eta helduentzako) ingurune seguru gisa aztertzea eta ezartzea. Horretarako, Tratu on-ek egindako gida hauetan agertzen diren zenbait alderdi har ditzakegu kontuan:
- Haurrek eta nerabeek lekua, funtzionamendu orokorra eta langileak aldez aurretik ezagut ditzaten bultzatu behar da. Bisita, ate irekien jardunaldi, ipuin, ikus-entzunezko materialaren bidez…
Aldez aurretik azaldu behar zaie nor aurkituko duten, zein izan daitezkeen haien erreferentziazko pertsonak, zer egingo dugun espazio horretan… - Lehen lagundu dieten eta orain lagunduko diegun pertsonen artean “errelebo” onak egitea. Adingabe bakoitzaren “gauza positiboen” zerrenda bat sortzea haien artean partekatu beharreko zerbait interesgarri ere izan liteke (kontu “negatiboak” aipatzeko joera saihestuz). Era berean, haiekin eta haien interesekin konektatzeko gako batzuk ere eman litezke.
- Aldez aurretik lagundu dieten langile, familia, edo aurretik egon diren neska eta mutil batzuek… espazio edo jarduera berrietan laguntzeko aukera ematea.
HARRERAREKIN JARRAITZEKO
- Agurra eta eskerrik asko etortzeagatik, beren interesagatik…
- Nork bere burua aurkeztea eta elkarrekin aurkeztea jolas, dinamika, segurtasun-emozioekin lotutako jarduera eta abarrekin. Gure kontu pertsonalak kontatu behar ditugu? Hori gure balorazioaren, pixkanaka eraiki beharreko harreman motaren, unearen, informazio horrek iraun behar duen intimitatearen… araberakoa izango da. Haur eta nerabeei proposa dakieke beren ideiak pentsa ditzatela zer dinamika egin erabakitzeko.
“Lotzen” programaren material honetan horietako batzuk aurki daitezke, baita taldearen kohesioa ikasturtean zehar lantzeko jarduerak ere. https://bidegintza.org/wp-content/uploads/2022/04/publicacioneslotzenfinal.pdf
Interesgarria litzateke talde edo ikastaro guztietan urtero dinamika berberak ez errepikatzen saiatzea. - Oporretako, aurreko ikasturteetako eta beste denboraldi batzuetako denbora gogoraraztea, gozamenarekin lotutako anekdotak edo edukiak emanez. Guztiak gustura sentiaraziz, konparazioak saihestuz eta partekatu nahi duten horri balioa emanez.
- Itxaropenak, beharrak, ikasturte honetarako edo denboraldi honetarako gustatuko litzaiekeena… maila desberdinetan lantzea. Dinamika desberdinak erabil daitezke: ametsen zuhaitza, behar eta emozioen txartelak, etorkizunerako denbora-lerroak…
- Ekar ditzaketen emozio batzuk kontuan hartzea. Hori banaka edo taldeka egin daiteke. Ez da beharrezkoa haurrak edo nerabeak emozionalki zuzenean eta hasierako une horretan edo beste pertsona batzuen aurrean erabat zabaltzea eta dena kontatzea. Batzuk berriak dira (profilaren, egoeraren, adinaren eta zirkunstantzien arabera, ez litzateke komenigarria). Oro har edo zeharka egin daiteke, hitz-zirkuluekin, psikomotrizitate-gelako jarduerarekin, jarduera artistikoarekin…
- Espazioaren dekorazioa elkarrekin egitea, dinamika antolatzea, errutinak, bizikidetza-arauak, gatazkak konpontzeko moduak… Horretan parte hartzea garrantzitsua izango da autonomiarako, konpromisorako, kide izatearen zentzua sortzen joateko, beharrei erantzuteko… beti ere gure helduen erantzukizunetik mugak badaudela kontuan hartuta.
- Haiek beraiek espazioa ezagutzea, gure ikasgelan, materialean, komunetan eta aldageletan kokatu ahal izateko, nola heltzen den jolas-eremura, non dauden erreferentziako pertsona helduak (beharrezkoa balitz). Hori yinkana baten bidez egin dezakegu, erakutsiko dieten beste kide batzuen bidez… eta are gehiago, espazio garrantzitsuenak edo iristeko zailenak direnak aurkitzen lagunduko dieten seinaleak sortzera gonbidatu ditzakegu.
- Ongietorri-ekintza berezia, errituala. Lehenengo egun edo asteetan, ongietorria egiteko jarduera bereziren bat proposa daiteke. Natura, janaria edo kirol-mugimendua ekintza horien osagai interesgarriak izan daitezke, berezko segurtasun-balioa dutelako. Antolatu behar ditugu askariak, txangoak, muralak, argazki kolektiboak, mugimendurik gabeko jokoak,…
- Ongietorriaren objektua. Objekturen bat prestatzea ongietorria emateko eta errituala egiteko. “Artisaua” eta pertsonalizatua bada, balio erantsia hartuko du. Karpeta bat, katilu bat, gutun bat, apaingarri bat, kamiseta bat, pegatina bat, lore bat…
- Banakako espazioak. Beste pertsona batzuekin espazioa partekatzeak segurtasuna eman dezake; norberarentzat espazio propioa izatea, … Horregatik, ahal den guztietan interesgarria da esekitokiak, armairuak, erretiluak… bezalako elementuak kontuan hartzea.
KONTUAN HARTZEKOA
Interesgarria litzateke kontu handiz ibiltzea honako hauekin:
- Ez presionatu, ez estutu, ez behartu pertsona bat bere kontuak zabaltzera beste guztien aurrean, bere erritmotik kanpo. Hori garrantzitsua da profil edo ezaugarri jakin batzuetan. Horregatik, dinamika atseginak aukeratu behar dira, parte hartzeko hainbat modu ahalbidetuz.
- Txantxa-joko batzuk ez egin, ondoezaren bat edo indarkeria-motaren baten iturri izan daitezkeenak.
- Hori guztia egun edo saio berean ez egin. Prozesu horrek denbora, egunak, saioak… behar ditu. Eta ez da entrenatzeko, eskolak emateko, agenda betetzeko edo beste gauza batzuk egiteko denbora galtze bat.
- Ez ahaztu gurasoez prozesu honetan. Haiek inplikatzea beharrezkoa izango da eta prozesuak erraztuko ditu. Haiekin ere egin behar ditugu harrerak, eta familia osoarentzako ongietorri-jarduerak partekatu ahal izango ditugu.
- Ez ahaztu haur edo nerabe batzuek, beren adinagatik edo bizipenengatik, segurtasuna senti dezaketela etxetik edo beste leku batetik ekartzen duten objektu maitagarri batekin. Hori kontuan hartu beharko da.
- Ez da ziurtzat jo behar ez dela beharrezkoa harrera egitea aurreko urteetan egin delako edo talde bera delako. Horrela bada, gauza berriak probatu eta alderdi batzuetan sakondu ahal izango dugu.
Eta xehetasun interesgarri batzuk:
- Lehen egunean atean bertan egin harrera eta irteeran ere lagundu (une egokia da harremana egiteko eta aurpegia jartzeko).
- Haur eta nerabe bakoitzaren izena lehenbailehen eta ondo ikastea (edota, agian, erreferenteren batena).
- Poza eta konfiantza transmititzea. Ingurune seguru batek beti hartuko gaitu maitasunez eta xehetasunak mimoz zainduko ditu.
Ideia hauetan sakontzeko edo adibide gehiago izateko, Tratu-onaren harrera eta agurrak ikusi ditzakezu www.tratuon.org webgunean edo info@tratuon.org helbidean kontsultatu.